Archive | orokorra

RSS feed for this section

Astronauten bizimodua ez da erraza!

Handitan zer izan nahi genuen galdetzen zigutenean, askok astronauta erantzuten zuten. Astronauta izateak badu nolabaiteko erakarmena, baina gero bat konturatzen da oso zaila izango dela astronauta izatera iristea. Eta ez hori bakarrik, lurrean oso arruntak diren eguneroko ekintza batzuk asko zailtzen dira espazio-ontzian. Ez du, ez, erraza izan behar… grabitate ezak arazo asko sortzen ditu egunerokotasunean. Askok galdetzen diote euren buruei ea astronautek nola joaten diren komunera, zer jaten duten edo nola garbitzen diren… Izan ere, egunero egiten ditugun gauza sinpleenak ere, hor goian, espazio-ontziaren barruan, desberdinak izan behar dutela sumatzen dugu. Eta hala da.

Komunera joatea, esate baterako, ez da lurrean bezain erraza. Ezta gutxiagorik ere! Lurrean, hondakin solidoak zein likidoak lurrera joaten dira grabitate-indarrari esker. Espazioko mikrograbitatean, ordea, hondakinek flotatu egiten dute, gainerako gauzek bezalaxe. Arazo hori konpontzeko, hainbat saio egin dute ingeniariek, eta, bidean badira ere, oraindik ez dute guztiz gainditu. Hori bai, aurrerapauso handiak eman dituzte. Astronautek pixoihal antzeko batzuk eraman ohi zituzten bertan pixa egiteko, honek eboluzionatu egin zuen eta ipurmasailean itsasten zen poltsa bihurtu zen. Hala ere, kontu handia eduki behar zen itxi baino lehen sabelusteak ihes egin ez zezan. Inoiz edo behin gertatu izan da halakorik zuzenean, baita programazio arduradunek konexioak eten ere izan dituzte ikusle estatubatuarrak ez mintzeko!

Orain, berriz, lurrean ditugun komunen antzekoak dituzte espazio-ontzietan. Aireaz baliatzen dira eginkariak eramateko, eta bereziki prestatuta daude mikrograbitatean erabiltzeko. NASAren Waste Collection System-a, hau da, WCS hondakinak biltzeko sistema da adibidea. WSCa ez da hondakinak biltzera mugatzen, emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat dago diseinatuta. Komunean eserita gelditzeko, barra bat du izterrak inguratzeko, horretaz gain, astronauta lau belkroz itsasten da komunera, eta oinak ere lotuta gelditzen zaizkio. Astronautek komuneko lanak bukatu dituztenean, balbula bat irekitzen dute hondakinak espazio hutsean jartzeko. Berehala, hondakin solidoak izoztuta, deshidratatuta eta usaina kenduta gelditzen dira.

ESAk beste aurrerapauso bat eman nahi du, eta hondakinak ur, oxigeno eta janari bihurtu nahi ditu. Bidaia luzeetan sortzen diren hornidura-arazoei aurre egitea du helburu. Pentsa zenbat ur, janari eta oxigeno beharko luketen sei astronautek Martera joateko. Kontuan hartu behar da, gutxienez, hiru bat urte behar direla planeta gorrira joan-etorria egiteko. Horretan, 33 tona materia garraiatu beharko lituzke espazio-ontziak, eta onena hondakinetatik elementu baliagarriak sortzea litzateke. Miniaturazko ekosistema batez hitz egiten ari garenez, hondakinak eta karbono dioxidoa biomasa jangarri bihurtzen dira. Frogaturik dago hondakinen %70a baino gehiago birziklatu eta berrerabil daitekeela.

Komunera joatea bezain ezinbestekoa da egunerokoa eta oinarrizkoa jatea. Astronauten janaria prestatuta dago ahal den toki gutxien hartzeko, gutxi pisatzeko eta luze irauteko. Janari batzuek ez dute tratamendurik behar, eta bere horretan eraman daitezke espazio-ontzira (fruitu lehorrak…). Beste zenbait, aldiz, deshidratatu egin behar da, hala nola, makarroiak… horiei astronautek ura bota behar diete jan aurretik. Frutak, jogurtak eta haragi batzuk beroaren bidez tratatzen dira bakteriak hiltzeko eta, neurri batean, deshidratatu ere egiten dira. Hala ere, ezin da edozein janari eraman. Bereziki arriskutsuak dira papurrak uzten dituzten janariak, flotatu egiten dutenez, makinarian sartu eta sistema honda dezakete. Hori gutxi balitz, astronautek hauek arnastuta gaixotzeko arriskua dute.

Azkenik, esan beharra dago zailtasun handiak dituztela euren gorputza garbitzerakoan, nahiz eta gaur egun produktu bereziak erabiltzen dituzten garbiketarako, bereziki, burua garbitzeko. Gakoa urik ez gastatzea da. Horregatik erabiltzen dituzte ospitaleetan ibiltzen diren xanpu batzuk, urberritzea eskatzen ez dutenak. Gainera, kontu handiz ibili behar dute osagaiekin, ezin dute alkoholik ez propilen glikolik eduki, birziklatzeko arazoak ematen dituztelako, beraz, xanpuak landare-jatorriko osagaiak izan ohi dituzte.

Eta hau guztia irakurri ondoren, nor animatzen da astronauta izatera???

Dena den, jakin-mina piztu bazaizue, klikatu hementxe.

Comments { 2 }

Moda berria: Cosplay-a

 Lolita Fashion Japoniako jendea betidanik fashion victim kontsideratua izan da. Azken garai honetan, fenomeno berri bat indarrean jartzen ari da, cosplay izenekoa. Esanahia costume playetik dator, eta mozorro jokoa esan nahi du. Mozorrotzen denak cosplayer izena hartzen du.

Zertarako Cosplaya?

Cosplayerrentzat, mozorrotzeak talde bateko kide izatea suposatzen du, baita beraien ideiak hitzik gabe itxuraren bidez aditzera ematea ere. Joko honen helburua, beraz, bakoitzak bere ideien adierazle diren gauzak soinean jartzea da: rock, pop, roleko joko edota anime eta mangako pertsonaia gogokoen itxura hartzea, alegia. Topaguneak edota konbentzioak sortzen dituzte antzeko gustuak dituzten pertsonekin elkartzeko taldeak sortuz.

Nortzuk dira Cosplayerrak?

Pertsona hauek gehienbat neskak dira, nahiz eta mutil asko ere izan. Janzkerari dagokionez, ideia erradikalak dituzte eta beraien gustuko gauzak edozer gauzaren gainetik goraipatzen dituzte. Gehiengoak asteburuetan baino ez du horrelako arropa erabiltzen. Mutilek, ordea, askotan cosplayatik atera eta crossplay delakoarekin erlazionatzen dira, mozorrotzean, askotan neska itxura hartzen baitute, nahiz eta homosexualak ez izan.

Mozorroen gaiak zeintzuk dira?

Oso zabalak dira mozorroen gaiak. Nagusienak ondokoak dira:

  • Mangaren jarraitzaileak direnak beraien pertsonaia gogokoenaren moduan janzten dira, gizakiak edo animaliak bihurtuz, ez dago mugarik.
  • Roleko jokoak gustatzen zaizkienak ezpataz, kapaz, kaskoz eta burura etortzen zaien edozer gauzaz baliatzen dira nahi duten itxura hartzeko.
  • Gothic lolitas moduan jantzi nahi dutenak ere badira. Beraien kasuan, XIX. mendeko zerbitzarien jantziak erabiltzen dituzte.
  • J-poparen, hau da, Japanese poparen jarraitzaileak eskura duten guztia jartzen dute soinean, minimalismoaren kontrako jarrera hartuz: zenbat eta gehigarri gehiago, orduan eta hobeto. Horrela, buruan edozein motatako apaingarriak jartzen dituzte, eta arropetan eta poltsetan zintzilikario ugari.
  • Lolitak. Neska hauek kolore arrosako jantziak jartzen dituzte. Gehienetan arrosa hutsa eramaten dute, baina gorriaz edo zuriaz konbinatzen dute batzuetan.

Jantzi hauetan guztietan soilik oinarritzen diren dendak aurki daitezke. Gai ezberdinetan antolatutako dendak dira, bertan edozer gauza aurkitu ahal delarik.

Jantziak zein motatakoak diren ideia bat egiteko, orrialde honetara jotzea gomendatzen dizut.

Informazio gehiagorako, ondoko orrialdera jo ezazue (ingelesez dago): Cosplaylab

Comments { 2 }

“Sudur hautsa ” etorkizuneko jakia ote?

Nor ez da bere bizitzan zehar txominetan itxita edota lehenengo landarea deritzoten kartelekin topatu? Bada, oraindik aipatutako adibideren batekin tupust egin ez baduzu, ziur egon gutxien espero duzun unean, honelako egoera bitxi baten aurrean egongo zarela.

Euskara arlo guztietara hedatu nahi izatearen ideia egunetik egunera zabaltzen doa. Asko gara euskara esparru orotan ikusi nahi genukeenak, baina, noski, beharko lukeen bezala, ez edozein eratara. Nork ez du, bada, gaztelaniazko hainbat esaldi edo hitzen itzulpen ankerra bistatzeko aukerarik izan? Duela egun gutxi, honelako gertakari baten aurrean topatu nintzen eta, egia esan, sinesgaitza iruditu zitzaidan egoera!

Familiakoak elkartu eta hura ospatzeko aukera bikaina jatetxe batera joatea zela iruditu zitzaigun. Tokia aukeratu ostean, mahaian bakoitzak bere eserlekua hartu genuen, zerbitzaria agertu zen arte. Orduan, ohikoa den eran, zerbitzariak bertan dasta genitzakeen menuen zerrenda eskaini zigun, eta pentsatzen genuen bitartean joan egin zen. Karta hura irakurtzen ari ginela, zer irakurriko eta sudur hautsa izenaz agertzen zen jaki bat. “Sudur hautsa” dastatzeko aukera omen genuen! Noski, karta osatzen zuten orrialdeetan atzera eginez, gaztelaniaz idatzirik aurkitzen zenarekin egin genuen topo, eta orduan ohartu ginen sudur hautsa hitzek rapeari egiten ziotela erreferentzia.

Etxera heldu orduko, hitz hura bilatzeari ekin genion. Emaitzak honakoak izan ziren:

Rape: (Itsas) zapo (Lophius sp.)
Rapé: Sudur-hauts, tabako-hauts, arraspa

Ondoren, sudur hautsa hitz arrotz haren esanahaia begiratzera joan ginen. Honako hau jartzen zuen:

Sudur hautsa: iz. Tabako hautsa, sudurretik hartzen zena.

Gauzak horrela, esanahiak ongi frogatzea eta ziurtasun minimo batez idaztea ongi egongo litzatekeela pentsatzen dut, izan ere, honelako itzulpenak egin ordez, rapea jartzea egokiagoa litzatekeela iruditzen baitzait. Seguruenik, guztiok era garbiago batean ulertu ahal izango genuke. Hala izan ezean, euskarara itzultzerakoan arreta pixka bat jartzea ez legoke gaizki. Begira, bestela, sustatun topatu nuen irudi hau ( bere garaian esamesa ugari piztu zuena):


Inozentada ote?
“Errespatzea”? “Araua izan da”? Kerik gabeko “kunea”? Aurtengo txantxa ote? Zoritxarrez, ez du hala ematen. Baina kontsola gaitezen: katalanezko bertsioak ere akats larriak ditu, oso larriak (eta, harrigarriena: valentzierazkoak ere huts berberak ditu! ;-). Vilawebekoek atera duten ondorioa: erretzea ez da zilegi, baina bai, ordea, ortografia-hutsak egitea.

(Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioa)

Comments { 6 }
-->