Archive | gizartea

RSS feed for this section

Non dago ospetsu izatearen hasiera marra?

Etxe ondoko kioskora, supermerkatura edo aldizkariak saltzen dituzten edozein gunetara joanez, beti aurkituko duzu norbait famatuak ateratzen diren aldizkariren bat erosten. Aldizkariak erosten dituzten pertsona arrunt guztietatik, baina, zenbatek ez dute imajinatu euren aurpegia aldizkari horren azalean agertzea ospetsuen moduan? Edo zenbatek pentsatu dute zer sentitzen ote duten pertsonaia famatuek aldizkarietan azaltzean? Hori jada ez da amets bat, errealitatean topa dezakezun zerbait baizik.

Horren erantzulea “Eljelou ” dugu! Zeu bezalako famatuentzako aldizkaria. Duela hilabete batzuk espainiar kazetari talde batek, Jesús Rodríguez Leninen agindupean, pertsona arruntentzako lehen aldizkaria sortu zuen, beste aldizkari famatu baten egitura, tamaina… antzeko batekin, izena ere parodia bat izanez. Halere, badu ezberdintasun handi bat: hemen, jende anonimoak bere bizitza, oporrak, ezkontza, etxe berria edo hamaika gauza gehiago kontatuko ditu. Bertan azaldu bakarrik ez, bakoitza norberaren kazetari bihurtzen da; izan ere, argazkiekin batera, testu bat ere bidali behar da dena azalduz, eta, ondoren, erredakziokoek erreportajea prest jarriko dute.

Hasteko, hasierako galderei erantzunez, jende anitz dago aldizkari baten azalean agertzeko irrikaz dagoena; izan ere, zergatik ez dira atera behar? Gizon eta emakume guztiak dira, bada, izar gauza batean edo bestean. Horrela, nolabait esanda, demokratizatu egiten da famatu izatearen prozesua eta, Andy Warholek zioen moduan, denek izango dute bere 15 minutuko ospea izateko eskubidea.

Gainera, zenbatetan ikusi izan dugu jende ezezaguna telebistan, edozer egiteko prest dagoela, askotan gauza taxugabeak, entzutetsu bihurtzearen truke? Aldizkari onen bidez, bada, famatu izan zaitezke lekuz kanpoko gauzarik egin barik. Gainera, jende anonimoen aldizkaria guregana iristea denbora gauza zen; izan ere, telebistan gero eta programa gehiagotan azaltzen ari da jende anonimoa; hala nola, “Gran Hermano ”, “Callejeros ”…

Hala eta guztiz ere, arrakasta lortzeko adina aldizkaria al da? Ez al du nahiko jendeak betiko ospetsuak ikustearekin? Antza denez, ez. Emaitzak ikusi besterik ez dago! Lehenengo bost hilabeteetan -2009ko ekainean jarri zen abian-, 600 pertsona harpidetu dira, eta ikusita telebistako jende ezezagunen programak arrakasta handia izaten ari direla, bezeroak harrera ona egin liezaioke aldizkari honi. Kontuak kontu, aldizkariaren hurrengo erronka kioskoetan saltzea izango da; izan ere, orain aldizkaria lortzeko modu bakarra euren web gunean izen emanez da: urtean 55 euro ordainduz, etxean jasoko dituzu urteko 25 aleak (bi astez behin argitaratzen da).

Beraz, ospetsu izateko grinaz edo izarrek sentitzen dutena sentitu nahian bazabiltza, zeri ari zara, bada, itxaroten? Aldizkari honek zure ametsa hein handi batean egia bihurtuko du eta, jakina, esan bezala, ez duzu zertan telebistara joan. Gogoratu, beraz: hurrengo izarra zeu izan zaitezke; bai, zeu!

Comments { 1 }

Dirua zerura bidaltzen

Unibertsoa gurea dela ematen du; izan ere, nork ez du inoiz ikusi espazio-ontzi baten aireratzea? Gainera, beste planetetaraere ontziak bidali izan ditugu. Ez al du, baina, inork galdetzen zenbat balio duten bidaia horiek? Zertarako balio dute unibertsora bidaltzen ditugun tresnek?

Hasteko, esan beharra dago unibertsora bidaltzen ditugun zenbait satelite beharrezkoak direla gaur egun daukagun bizitzarekin jarraitzeko; izan ere satelite horiei esker, autoetako GPSak , telefono mugikorrak, eguraldia jakiteko sateliteak…ditugu. Hauek denok erabil ditzakegun sateliteak dira; beraz, ez dago gaizki hauek unibertsora bidaltzea. Azken batean, errentagarria izan daiteke.

Halere, unibertsora bidaltzen diren satelite gehienen helburua da beste planetetan bizia bilatzea edota unibertsoaren sorrera nola gertatu zen argitzea. Esperientzia hauek burutzeko diru mordoa behar, eta askotan diru hori publikoa izaten da, hau da, guztiona. Egungo egoeran, mundua krisi ekonomiko latzean murgilduta dagoelarik, ez dut uste diru beharrean daudenek begi onez ikusiko dituztenik espazio-ontzien aireratzeak; izan ere, era batera edo bestera, hor gorantz doana euren dirua da, edo, behintzat, eurek behar dutena.

Ez hori bakarrik, mundu horretan lan egiten duen jende mordoa dago, esan bezala, gehienak beste planetetan bizia bilatzen saiatzen dabiltzanak. Baina ez al dira ohartzen, kanpoan bizitza bilatu beharrean, hemengoan dauden arazoak (gerrak, goseteak…) konpontzea denontzat mesedegarriagoa litzatekeela?

Horiek horrela, nire uste apalean, espedizio espazialak eten egin beharko lirateke, ez baitira beharrezkoak era egokian bizitzeko. Horretarako erabiltzen den dirua hemen dauden arazoak konpontzeko erabili beharko litzateke. Agian, era horretan, lehen aipatutako arazoak bukatu egingo lirateke. Eta gure planetan dena konpontzen denean, orduan nahi diren espedizio guztiak egin ditzatela!

Comments { 1 }

Etxe bila?

Egun bizi dugun krisiak aurretik zetozen hainbat mugimenduri indarra eman die, horietako bat okupazioarena izanik. Mugimendu honetan parte hartzen dutenek etxebizitza eta lur baztertuak hartu edo okupatzen (hortik izena) dituzte, bai bizi, bai elkarte modura erabili edo helburu sozio-kulturalak dituen zentro bilakatu eta baita lurrak lantzeko ere; horiek izaten dira haien arrazoiak. Hau betidanik eman izan da gizartean. Ezberdindu behar dena, ordea, ocupar eta okupar dira. Nahiz eta berdin ahoskatu, c eta k-ren arteko ezberdintasunak hitzaren esanahia aldatzen du. Badago etxebizitza ocupatzen duenik lo non egin ez izatearen arazoari irtenbidea emateko. Beste alde batetik, okupatzen dutenak daude. Azken hauen helburua ez da jabetza bat hartzean amaitzen, mugimenduak izaera politiko bat baitu bere atzean, etxebizitza lortzeko dauden zailtasunak salatu nahi dituena. Halere, gaur egun ez da bien arteko bereizketa egiten, eta edozein lur hartzen duena okupa izenez ezagutzen da.

Ez dirudi arazo inork erabiltzen ez dituen lurrak edo etxebizitzak behar dutenen esku gelditzea; halere, gizartean ez dugu ondo hartzen okupazioa. Non hasten da, bada, arazoa? Jabetza pribatuetan sartzen denean hasten dela esan genezake. Izan ere, okupatzen diren eraikin gehienek jabea izan ohi dute, nahiz eta baztertuta daudela iruditu. Beraz, jabea bere lurretan sartu direla konturatzean, bertatik kanporatzen saiatuko da, logikoa den bezala, ez baitzaio inori gustatzen bere lurrak inori uztea trukean ezer jaso gabe.

Halere, batzuen iritziz, asko eta asko okupatuak izatean gogoratzen dira lur horien jabe direla; izan ere, urtetan lur horietara agertu ez eta okupak bertan sartzean agertu behar! Baina horrek ez du okupen jarreraren alde egiten, hori ez baita jabetza pribatu bat okupatzeko arrazoia. Jabeak jakingo du lur horietan zer egin nahi duen; horregatik, nahiz eta denbora luzez bertara agertu ez, okupek ez dute bertara sartzeko inolako baimen eta eskubiderik. Gainera, zigor kodeko 245.artikuluan argi agertzen da zein ondorio dituen jabegoaren aurkako okupazioak.

Hori da arazoaren muina. Aurkako bi iritzi nahasten dira bertan. Aipatu bezala, okupen alde egin eta jabeari lur horiek abandonatuta izatearen errua botatzen diotenak daude. Beste aldean, ordea, jabearen alde egiten dutenak, jabego pribatua defendatuz. Baina horrek ez die okupei balio, abandonatuta dauden lurrei etekina ateratzea baita haien helburua. Interneten ere zabaldu da mugimendu hau, ekintza hau aurrera eramateko argibideak sarean argitaratuz. Ekimen hau zein etxe okupa daitezen azaltzen hasten da, hutsik egon behar duela azpimarratuz. Jarraian, bertara nola sartu eta han bizitzen hasteko lehen urratsak zeintzuk diren adierazten du. Jabe eta poliziekin nola hitz egin azaltzen du amaieran.

Eta zergatik ez? Zergatik joan erabiltzen ez diren lurrak okupatzearen aurka? Gaur egun, hutsik dagoen etxea behar duenaren esku uztea arazo handi baten konponbidearen hasiera izango litzateke. Baina badakigu gaur egungo gizartean egoera hau erabat utopikoa dela, gutxi baitago prest dituen lurrak beste baten esku uzteko, nahiz eta erabili ez. Hori da okupa mugimenduak aldarrikatu nahi duena. Egia da esatea erraza dela, ez dela bi aldiz pentsatuta hartzen den erabakia, baina beti dago bi aldeen arteko oreka lortzeko bideren bat: lurrak baldintzapean utzi, erabili behar ez dituzun lurrak benetan beharra duzunean itzuliko dizkizuten ziurtasuna izan… Abia gaitezen, bada, tarteko konponbidearen bila.

Gehiago jakiteko:

Comments { 1 }
-->