arnasgune

iz. Arnasa hartzeko gunea.

Azalpena:

Arnasa eta gune hitzez osatutako hitz elkartua

arnasa iz. [arnas forman erabiltzen da hitz-elkarketako lehen osagai denean: ik. arnas aparatu] . (Elhuyar Hiztegia)

gune iz. 1. Lekua, puntua. Bidea adarkatzen den gunean. Gune minberak. 2. Zerbaiten barru-barruko aldea, funtsezkoena, garrantzizkoena, trinkoena dena. Enborraren gunea. 3. Ik. nukleo.  (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

Ez dago hiztegietan dokumentatua. Antza, Mikel Zalbide euskaltzainak asmatutako hitza da eta, euskararen egoerari ekarria -euskararen arnasguneak-, euskaraz normaltasunez, erosotasunez eta ondo bizi daitekeen egoera eta tokiari egiten dio erreferentzia.

Ondorengo definizioa topatu dugu Txerra Rodriguezen Garagoikoan:

Zer dira arnasguneak?

Lagun batek aurrekoan galdetu zidan ea zer ziren blogean hainbeste aldiz aipatutako arnasguneak. Nik honako erantzuna eman nion: Arnasguneak da soziolinguistikan erabiltzen den kontzeptu bat. Horren bidez adierazi gura da herri batean (izan daiteke gune bat ere, adibidez ikastola bat edo lantegi bat) hizkuntza horrek lasai hartzen duela arnas, hau da, erabilera arrunteko hizkuntza dela bai kale bizitzan, bai auzoan, bai familian bai lagunartean eta baita lan munduan ere (lan mundu arruntean).  [Zer dira arnasguneak?, Txerra Rodriguez (Garagoikoa, 2010-11-05)

Beste hizkuntza batzuetan (Garagoikoa eta Word Reference hiztegia):

es espacio vital
fr place pour respirer
en breathing space
port espaço para respirar

Entzun:

Bide horretan, arnasguneen garrantzia asko nabarmendu dute. Zuk zeuk asmatua da kontzeptua. Hor ikusten duzu gakoa? XXI. mende honetan lehentasun osoa du: eguneroko bizimodu arruntaren adierazpide eta bilgune euskara duten gizataldeak, harreman sareak eta jarduera esparruak babestu, segurtatu eta zabaltzea hil ala bizikoa da, gure ilobek euskal bizibidea izango badute. Itzali aurreko txondarretik mila bider errazagoa da sua piztea, aspaldi itzalitako enborrondotik baino. Hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipena berez bere, aparteko interbentzio planifikaturik gabe, segurtaturik duten arnasguneak lehentasun osoko interbentzio gune ditugu, euskara indarberritzea baldin bada helburu. Kontzentrazio demolinguistiko aktiboari aparteko atentzioa jarri behar diogu: askok askotan euskaraz egitea, ez euskaraz zerbait jakitea, ezinbesteko ikergune izan behar du arnasguneak arnasgune izaten jarraituko badu. Baita arnasguneetan erdarak/erdarek izan beharreko lekua argitzea eta mugatzea ere. [“Formulazio berria posible eta egoki da“, Mikel Zalbide (Euskararen hauspo berria, Garikoitz Goikoetxea)] (Berria.eus, 2014-08-02 )

arnasgune (Gaurko hitza, CC)