esku arrantza

Zer esango dizuet nik gabonetako familia-bilerei buruz? Nahi duzuen guztia bota halakoen kontra, baina tarteka izaten dira perlak ere, nik, eguberri eguneko bezperan, neure osabari entzun diodan hau bezalakoak.

Bera ezkontzekotan zela, bat-batean gaixotu, eta bisitan etorri omen zitzaion amaren lehengusu apaiza, ezkontza ospatzekoa zena. Eta handik gutxira, hor non topatzen duen osaba apaiz hori, andregaiarekin “esku arrantzan”.

Hitz hori, sekula entzun gabea nuen, baina galdetu beharrik ez, zer esan nahi duen antzemateko.

Alferrik bilatuko duzue esanahi horrekin hiztegietan, arrantzaleen langintzakoak dira adibide guztiak, baina ez al da zoragarria metafora gisa? Horra, ba, gure altxorrerako esalmoldea: “esku-arrantza”.

Gaztelaniaz:

  • Hitzez hitz: pesca manual.
  • Metaforikoki: meter mano.

    Xabier Mendiguren Elizegi