ezki

iz. Adaburu biribila, hosto zabal horzdunak, eta lore usaindunak dituen zuhaitza (Tilia). (Lur Hiztegi Entziklopedikoa)

Wikipedian:

Ezkiak 30 espezie inguru dituen Tilia generoko zuhaitzak dira, jatorriz Ipar hemisferioaren alde epeletakoak, Asiakoak (bertan espezie kopuru handiena aurkitu ahal dela), Europakoak eta Ipar Amerikaren sortaldekoak; ez dira agertzen Ipar Amerikaren sartaldean. Cronquist sailkatze sistema zaharraren arabera, genero hau Tiliaceae familian sartzen zen, baina Angiospermen Talde Filogenikoan egindako ikerketa genetikoen ondorioz gaur egun Malvaceae familian sartzen da.

Tilia generoko landareak orri jauskorreko zuhaitzak dira, 20-40m altu izan daitezkeenak, oblique-cordate eta 6-20cm zabal diren orriekin; Iparreko lur epeletan bizi dira. Espezien kopurua ez da zehatza, espezie gehienak hibridoak erraztasunez sortzeko gauza direlako, bai hazten direnean eta bai berez sortzen direnean; hurrengo zerrendan gehienek onartutako espezie gehienak sartu dira. (Jarraitu irakurtzen…)

Sinonimoak: iz.

    [erkia]: erki neol. (UZEIren Sinonimoen Hiztegia)

Beste hizkuntza batzuetan (Elhuyar eta Word Reference hiztegiak):

es (Bot.) tilo
fr tilleul
en (Bot.) linden (tree)
port (árbol) tília

Entzun:

HAIKU MAIKU

Bilbo Dub Kronikak, Paddy Rekalde

Poeta miope hau
parke ondoko kafetegi batean jesarri
eta haiku bat idazten saiatzen da,
leihotik zuhaitzei begira,
haiku bat, haiku eder bat,
bost zazpi bost,
zuhaitzei begira.

         Ezkiek gozo
oparitzen digute
euren itzala

Irribarre egin du,
kafesnea ahora daramala,
libretan idatzitakoa irakurtzen duen bitartean.

       Ezkiek gozo
oparitzen digute
euren itzala

Ezkietara itzuli du begirada,
euren azpian etzanda dagoen gizon beltz bat
cd-z betetako poltsa zarpailtsu pare bat
ikusi barik.

Inork ez daki
gizon beltz hori
bizirik ala hilda dagoen
zeru itsaso zikin honen azpian.

Hala ere
poeta miopeak
ederto bete du etxeko lana
idazleen akademiarako…

bost zazpi bost.

[Bilbo dub kronikak, Paddy Rekalde (Susa poesia, 2004)]

ezki (Wikimedia Commons)