Atzo Fundéuren egitasmo baten berri izan nuen. Antza denez, 2015eko hitza hautatu nahian dabiltza eta, adituek erabakia hartu bitartean, jendeak hautagaien artean gustukoena bozkatzeko aukera du. Neure artean pentsatu nuen: “7 urte gaurko hitzarekin bueltaka, eta nola ez zait antzeko zerbait egitea bururatu?”

2015ean ez dira gutxi izan Gaurko hitzaren erakusleihoan ikusgai/irakurgai ipini ditugun hitzak, ezta? Bada, ez naiz ni datuen analisiaren ur sakonetan murgiltzea gustuko duen horietakoa; halere, jakin-goseak jota, aurten sareetan gehien barreiatu direnak zeintzuk izan diren kuxkuxean ibili naiz. Ezetz asmatu zein izan den zabalduena? Lasai! Galdera erretorikoa da. Nik emango dizuet erantzuna: aurri izan da. Polita!

Aurtengo hitzak banan-banan ikusi ondoren, hementxe dituzue 12 hitz hedatuenak (‘share’ botoian zenbaki altuena dutenak): aurri, blogari, meme, alamartxo, errime, altzo, mist, odolustu, troiar, argi-txakur, karel, anei.

Ezagutu hitz hauen esanahia

Egin klik irudi bakoitzaren gainean, hitz horri buruz gehiago jakiteko:

 

Bozkatu zure gustukoena:

Zein duzu gustukoen? Egin klik eta hautatu zure hitza. Abenduaren 31n, gaueko 12:00etan, itxiko dugu bozketa eta urtarrilaren 1ean, urte berriarekin batera, jakingo dugu zein izan den garailea.