marigorringo

iz. ZOOL. Kokzinelidoen familiako intsektu koleopteroen izen arrunta. Gorputza globularra eta beltza dute eta bizkarraldea (elitroak) gorria, horia edo beltza, eta sarritan marraz edo titaz apainduta dago. Landareen izurrite diren hainbat intsektuz elikatzen dira. • marigorringo zazpitita. Elitroak gorriak dituzte eta zazpi orban edo titaz apainduta daude. Oso arrunta da (Coccinella septempunctata.). (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

Sinonimoak: katalingorri, mantalgorri, amona mantalgorri, amona gonagorri, maritxu teiletako. (Adorez Sinonimoen Hiztegia)

Bestela? Marigorringo bat topatu agudo, gaur bertan! Eta eskuan goxo-goxo hartu, hatz puntta baterantz igotzen utzi, eta kantatu: doinu gabe edo doinua asmatuta –! Marigorringo –, Marigorringo, bihar ta etzi eguzkia egingo! Eta itxaron… Hegan egin ez badizu, abestu beste hau –: Marigorringo –, Marigorringo, bihar eguzki etzi euri egingo! Itxaron… Eta badaezpadan, behin eta berriz kantatu, txandaka, hegada xuabez ospa egin dezan arte! Ea non egokitzen den hegan hastea… huraxe egingo omen! [Naturaren mintzoa, Pello Zabala (Alberdania, 2000)] (Ereduzko Prosa Gaur)