txintxaun
Haga horizontal baten bi muturretatik zintzilikatzen den soka edo katea. Erdian oholtxo bat jarri ohi zaio eta pertsona bat bertan eseri eta kulunkan ibiltzeko izaten da. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoan, ‘zabu’ begiratuta)
Sinonimoak: iz. Ipar. g.e.
[zabua] gorgoina, kulunka, zabu, junpa Ipar., zanbulu g.e., dibo, gordanzibil, dintza-dalantza, zinbili-zanbulu… (UZEIren Sinonimoen Hiztegia, Azkueren hiztegia, Eibarko euskara)
Beste hizkuntza batzuetan (Elhuyar Hiztegia):
es columpio
fr balançoire
en swing
Parkean ikusi dut iloba. Zoriontsu zebilen txintxaunaren gainean.
Eider Antxustegi-Etxarte 10:08 am on 2012/04/30 Permalink
Zelako poza emon dozten post honek. Guk be eruaten dogu iloba parkeko txintxonetara. Bizkaiko kostaldean, txintxona esaten dogu.
Egunero egunero dago zerbait ikasteko, eta askotan gure ama hizkuntzako berbak izeten dire. Eskerrik asko egiten dozuen lanagatik.
xme 10:12 am on 2012/04/30 Permalink
eibartik durangora behintzat erabiltzen den berba, oso polita iruditu izan zait beti, jolastia eta alaia, izendatzen duen gauzakia bezainbat; bitxia da kontzeptu honekin gertatzen zaiguna: hitz asko daude euskaraz, tokian tokikoak, baina bakar bat ere ez orokortu denik, eta praktikan euskaldun gehienek espainolezko ordaina erabiltzen dute (dugu): kolunpioa edo kulunpioa; nire hipotesia da, indar soziolinguistiko eta oihartzun-ahalmen handiena duen gipuzkeraz ordain bat ez izateak ekarri duela egoera hori; nondik eratortzen baita zentralismo apur bat ez dela beti txarra hizkuntzaren batasuna lortzeko.
ana morales 11:29 am on 2012/04/30 Permalink
“Dilin-dalan” Bizkaiko kostan
Maite 12:24 pm on 2012/04/30 Permalink
Hedoi Etxartek tuiterren esan du Iruñean ‘zanbulo’ esaten dutela eta Ana Malagonen lehengusu batek, Zumarragan, ‘ziburu’. Eibarko euskara hiztegian ‘zinbili-zanbulu’ hartuta bakarrik aldaera hauek guztiak datoz: zablu, zaburu, zibili-zabulu, zibili-zaubla, zibiri-zaure, ziburi-zaburu, ziburu, ziburu-zaura, zinbiri-zanbulu
Xabierren teoriarekin nahiko ados, bide batez. Mila esker zuen erantzunengatik! 🙂
leire narbaiza 12:55 pm on 2012/04/30 Permalink
Ume berebetan nik beti “tilin-talan” erabiltzen dut. Baliteke kantu hnen eraginez izatea: Tilin-talan, bihar jaia, ikastolarik ez, aitatxoki, amatxokin pasiatzera.
xme 1:18 pm on 2012/04/30 Permalink
honetaz ricardo gomezek gehiago jakingo du baina, etimologia apur bat egiten saiatuko naiz: zubi eta zurubi (eskailera) hitzen jatorrian, badirudi zur-ibi dagoela: egurrezko pasalekua; ziburu hitzarentzat jatorri bera suposatzea ez da ausarkeria (metatesi sinple bat egongo litzateke), eta hortik letozke zibu, zabu eta aldaera fonetiko guztiak, baina ez dakit hala izango den.