Tag Archives | euskara

Atarikoak online, bihar EGAko ‘Atariko Proba’ egingo duzuenontzat

Sustatun irakurri berri dut biharko EGAko atariko probari buruzko sarrera eta, gauzak errazte aldera, hementxe ipintzen dizkizuet digitalizatutako atarikoak, azterketa joan aurretik proba egin dezazuen:

Material hau guztia Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusiak 2003, 2004, 2005, 2006, 2007  eta 2008an argitaratutako EGA 2003/2004 azterketak, 2005/2006 azterketak eta 2007/2008 azterketak  liburuetatik aterata dago. Berau digitalizatu eta sarean ipintzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren baimena jaso dugu.

ATARIKOAK

Oharra: Azterketaren bat ondo ikusteko edo zabaltzeko arazoak izanez gero, zabaldu fitxa berri batean (saguaren eskuineko botoia klikatuz) edo nabigatzailea aldatu.

ARGIBIDEAK (EUSKO JAURLARITZA)

Comments { 0 }

Abenduaren hiruan (ere), euskara ahoan

Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, euskararen inguruko pasarte bat kontatzera natorkizue. Duela urte asko Argitxoren gutun bat jaso nuen, Ikastolako jolastokian jolasean nenbilela nire ahizpak eman zidana. Ezer gutxi zegoen gutunean idatzita, baina karta hura jasotzeak izugarrizko poza eman zidan. Gaur egun oraindik irribarrea eragiten dit gutun hori irakurtzeak.

Harrigarria da nola lortu zuen Argitxok gutun soil baten bitartez lauzpabost urteko haur bat euskararen garrantziaz jabetzea. Egunero euskaraz hitz egiten ari ote nintzen begira zegoela iruditzen zitzaidan, eta beti saiatzen nintzen euskara ahalik eta gehien ahoan izaten.

Orain, ordea, jabetzen naiz euskararen egoera gero eta zailago bilakatzen ari dela; izan ere, berau zapaltzen duten legeak gero eta gehiago dira. Euskararen normalizazioaz etengabe hitz egiten digute, euskararen erabilera normalizatzen ari diren irudia saltzen diguten; baina bitartean, adibide bat jartzearren, Euskal Herrian haur asko dira euren medikuari ulertu ezin diotenak.
Geure ama hizkuntzak historian zehar egoera latz eta zailagoak ere bizi izan ditu, baina, zorionez, garai hartan asko izan ziren euskaraz hitz egiten jarraitu zutenak eta haiei esker mantentzen dugu maite dugun hizkuntza gure egunerokoan, haiei esker jarraitzen dugu euskaldun izaten. Izan ere, zer da, ba, euskaldun egiten gaituena? Bada, horixe, euskara. Orain geurea da erantzukizuna; jarrai dezagun, beraz, euskaldunok euskaldun egiten gaituen hori zaintzen.

Comments { 3 }

Hitzontzi: Segura Irratiko Itaka saioko lehiaketa berria

Ikasturte berriarekin batera, lehiaketa berria jarri dute martxan Itaka literatur saioan. Hitzontzi jarri diote lehiaketari izena. Hitzen ontzia betetzea dute helburu, lehiaketa aitzakiatzat hartu eta entzulea hitzontzi bihurtzea. Esan digutenez, euskaraz euskararekin egin nahi dute jolas eta horretarako astero-astero ariketa berri bat proposatuko diete irrati entzuleei eta jolastu nahi duten guztiei. Ariketa bakoitzari erantzuteko astebeteko tartea izango du parte-hartzaileak eta ariketaren erantzunak itakasegura@gmail.com helbidera bidali beharko ditu. Halaber, saioan bertan tartetxo bat utziko da erantzuna telefonoz eman nahi dutenentzat.

Sari ederra jarri dute parte hartzaileen eskura. Asteroko ariketa zuzen egiten dutenen izenak hilabete bukaerako zozketan sartuko dituzte eta irabazleak otar bikaina eskuratuko du: Aikur etxeko bi ezti pote, Bengoetxe baserriko bi txakolin botila, Ondramuño Aramburu anaien gazta bat, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kamiseta bat eta hilabete horretan irratian izan dituzten musikarien eta idazleen liburu eta disko bana.

Urriaren 15ean jarri zuten martxan lehiaketa. Lehenengo zozketa azaroaren bukaeran egingo dute urriko bi asteotan eta azaroan zuzen erantzungo duten izenen artean. Astero ariketa ezberdina proposatuko dute. Hauxe, adibidez, atzo bitartean buruari eragiteko ariketa:

a, e, i, o eta u bost bokal ezberdinak dituzten hitzen bila gabiltza. “Erakusleiho” hitza jarri dugu adibidetzat.

Astero-astero proposatuko duten ariketaren berri larunbat goizetan, 10:00etan, eta astezken iluntzetan, 21:30ean, Segura Irratiko Itaka saioan izango duzue (Segura Irratia: 89.2 FM), baita iratigoikoetxea.blogspot.com blogean ere. Euskararekin jolasteko aukera polita!

Comments { 1 }
-->