hortzoi

iz. ANAT. Hortz-lepoak inguratzen dituen eta masailezurren zati albeolarrak dituen ehuna. Adiera zabalean, masailezurraren albeoloen zatia eta hau estaltzen duten ehun bigunek osatzen dute.  (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoan, ‘oi’)

Sinonimoak: iz.
[hortzoi] : oi  (Elhuyar Hiztegia)

Beste hizkuntza batzuetan (Elhuyar eta Word Reference hiztegiak):

es (Anat.) encía
fr gencive
en gum
port gengiva

Entzun:

ESPERIMENTU GEOFAGOA
L(AB)ORATEGIAN

Lur guztia hozkatu eta
eta ahosabaian sentitu ahalko banu,
zoriontsuagoa nintzateke une batez…

Alberto Caeiro

hortzoiak, hortzen azpian (Wikimedia Commons)

Lur pixka bat hartu dut etxeko baratzetik
eta harrixkak baztertuta ahoratu gero,
baina ez dut denak kentzerik lortu.
Minduta, odoletan hasi zaizkit hortzoiak.
Eta murtxikatzen jarraitu ahala
elkarrekin nahasten eta ahosabaira itsasten
sentitu ditut odola, lurra eta denborak
bere patxadaz bertan pilatutako mendeak.

Odola, lurra, mendeak. Hitz larriak hirurak,
baina baita zapore handirik gabeak ere,
eta birrintzen doaz, gainera, pixkanaka
hortz artean, eztarrian, urdailera bidean.
Paradoxikoa irudi lezake, funtsean
metatutako denborari buruz ari garelako,
baina urgentziazko bihurtu zait dena:
bizi-eramailea naiz orain.
Zuhaitz bat haz dezaket nigan,
eta metafora beharrik gabe
izan naiteke inoren gerizpe.
Konkista nazakete, alokatu, edo,
agian, baita bakean utzi ere,
garrantzi estrategikorik gabeko irla bat nola;
Izan ditzaket sustraiak, banderak,
eta biztanle gutxi gorabehera zoriontsuak.

Ardura handi baten jabe naiz.
Munduari indarrez lapurtutako
lurralde hau defendatu beharra dut
iraungo ez duela dakidan arren,
herrialde bat salbatu behar dut
haren desagerpena desio duten
beste herrialde eta mapa guztien aurka.
Baina dena ez da nekagarri. Une batez
atsegina ere bada geografia izate hau:
pertsona bezain leku sentitze hau.

[Baita hondakinak ere, Iñigo Astiz (Susa Poesia, 2012)]