halaber

adlag. Era berean, berdin. (Lur Hiztegi Entziklopedikoa)

Sareko Euskal Gramatika:

1. Jatorriaz zerbait

Jatorria ekialdean duen hitza da hau. Han hedatua zegoen, eta Nafarroan, idazleen lekukotasunek erakusten duten bezala. Euskara batuan, egia esan, arrakasta handia izan du. “Gainera” eta “bestalde” lokailuekin gertatzen den gisan, hitz honen morfologia aski gardena da. Alde batetik “hala” dugu, aizlagun modala, eta bestetik “ber-” aurrizkia euskaraz aski erabilia dena: “berrehun” hitzean, edo “berriz”, “bera”, “berregin” eta holakoetan ageri dena. Aurrizkia izateaz gain, ekialdean hitz beregain gisa ere erabiltzen da: “Hotzik ez den ber, abia gaitezke” ([:egile:duvoisin|Duvoisin]]), eta atzizkia balitz bezala ere ageri da aditzekin: “ona den ber”. Esateko modu horiek, mendebalera joanez, hola emango lirateke: “Hotzik egiten ez badu / egiten ez duen bitartean… abiatuko gara”, eta “ona dela onartuz…”. Suposizio bat adierazten du horrek. Beraz, hori da “halaber” lokailuaren morfologia. Hori dela eta, berehala ikusten da esanahia ere gehitze zerbaiten inguruan dela: “modu berean”, “gisa berean”… eta abar. Emendiozko lokailua, horretaz:

  • debekatu dute pilotan aritzea. Halaber, ormetan pinturekin marrazkiak egitea ere debekatu dute
  • ez da egia Peruk hori esan duela. Eta ez da egia, halaber, faltsukerietan ibili dela
  • gogoan dut, halaber, nola hilabete hartan etorri zen osaba Alfontso Ameriketatik, Mexikon hamar urte pasatu ondoren

Emendiozkoa denez, ez da batere zaila emendiozko beste lokailu batzuekin ordezkatzea halaber:

  • debekatu dute pilotan aritzea. Gainera, ormetan pinturekin marrazkiak egitea ere debekatu dute
  • ez da egia Peruk hori esan duela. Eta ez da egia, gainera, faltsukerietan ibili dela
  • gogoan dut, ere, nola hilabete hartan etorri zen osaba Alfontso Ameriketatik, Mexikon hamar urte pasatu ondoren

Edo, gaineratze hori adierazten duen beste itzuli batekin:

  • debekatu dute pilotan aritzea. Gauza bera, ormetan pinturekin marrazkiak egitea ere debekatu dute

2. Tokia

Adibide horientan ikusten denez, halaber perpaus hasieran joan daiteke, baina berdin tartean (mintzagai hanpatuaren ondoan, edo aditzaren ondoan) edo amaieran ere, nahiz toki horretan gutxiagotan ageri den. Gainera, halakoetan badirudi aditzondo hutsa dela:

  • debekatu dute pilotan aritzea. Halaber, ormetan pinturekin marrazkiak egitea ere debekatu dute
  • debekatu dute pilotan aritzea. Ormetan pinturekin marrazkiak egitea ere debekatu dute, halaber

Literaturako erabileran garbi aski ageri da lokailu honen askatasuna perpausean. Eta horrek berak erakusten du aditzondoa dela, lokailu funztioan, eta testuari lotura emaneteko erabilñtzen dela, informazioaren haria gal ez dadin. Ondoko adibide hauetan ikusten da hemen dioguna.

  • halaber, Mireni ere esan beharko diogu etortzeko
  • Miren, halaber, egun hartan gaixotu zen
  • badakizu, halaber, hamarretan aterako dela trena
  • kontatuko dizut, halaber, zer gertatu zen orduan

3. Beste zerbaitek lagundurik

Ez da beti bakarrik ageri. Bistan denez, eta beste lokailu batzuekin getrtatzen den gisan, ez da harritzekoa eta juntagailuaren ondoan erabiltzea:

  • eta halaber, oroitzen da ederki aski noiz hartu zuten azkeneko gutuna Kaliforniatik
  • kale guztietan zehar pizten dituzte suak. Eta halaber, etxeetako argiak piztu bederatziak jotzen dituenean

Batzuetan baiezko nahiz ezezko partikulekin batera erabiltzen da, eta juntagailua ere aldamenean izan dezakeela edo ez:

  • horrek ez du legatzik jaten. Ez halaber amuarrainik ere
  • urtero joaten da Lisboara. Bai halaber Santiagora ere
  • ez da komeni hotza egiten duen tokian ikasten ibiltzea. Ezta halaber, bero gehiegi egiten duen lekuan ere
  • Irratian bi aldiz agertu omen zen. Baita halaber, beste lau aldiz telebistan

Esan dezagun, azkenik, batzuetan modu komnparazio lokailu gisa erabiltzen dutela autore batzuek, “nola …. hala” egin beharrean “nola …. halaber” egitura erabiliz:

  • nola entrenatu behar baitu jokalariak partida ongi jokatu nahi badu, halaber egin behar du piano jotzaileak ere egunen batean kontzertua xuxen eman nahi baldin badu
  • nola urak bere bidea aukerkitzen duen ororen gainetik, halaber demokraziarik ez den herrialdeetan jendeak ere bere bidea topatzen du askatasunez bizitzeko

Jatorrizko gunean irakurri.

Sinonimoak: adond. (UZEIren Sinonimoen Hiztegia)

    [berebat]: berdin, era batean, era batera, era berean, igualki, orobat, berebat Heg., igual beh., berala zah., berdinki Ipar. g.e., halaberki Ipar. zah.
halaber lok.
    [orobat]: halaberki, orobat, berebat Heg.

Beste hizkuntza batzuetan (Elhuyar eta Word Reference hiztegiak):

es lok. asimismo, también, igualmente
fr lok. ainsi, de même, pareillement
en lok. also, as well, too
port adv assim mesmo, também

Entzun:

Ereduak bezalatsu, ekonomilariek oso gogoko dituzte, halaber, metaforak eta narrazio metaforikoak. [Txanponaren bi aldeak, Iñaki Heras (Alberdania, 2003)] (Ereduzko Prosa Gaur)

Halaber, zuhaitzak bagina, ezingo genuke deus maite apeta kontzientez, baina emankorrago eta ugalkorrago egingo gintuzkeen oro desio izango genuke. [Hainbat idazlan, San Agustin / Imanol Unzurrunzaga (Klasikoak, 2003)] (Ereduzko Prosa Gaur)

halaber (Gaurko hitza, CC)