Begiak itxita eta lurrean etzanda entzun genuen aurrekoan poesia. Entzun, ukitu eta dastatu akorde, nota solte eta eskala kromatikoen artean kulunkatzen ziren olerkiak.
Beasaingo idazlehiaketan epaile eta aurkezle izan genuen Ekaitz Goikoetxea euskal poesiaz hitz egitera etorriko zitzaigula aipatu zigun Maitek aurrez; ostiral goizean aditu genuena ez zen izan, ordea, hitzaldi bat. Izugarrizko emanaldia izan zen.
Aretora sartu eta, gure  harridurarako, gure adineko jendea aurkitu genuen, instrumentuak eskuetan. Ez, hark ez zuen ohiko poesia errezitaldi baten itxurarik. Ekaitzek hartu zuen hitza, eta sarrera labur bat eta zeharkako txirula eta txelo batek haurtxo txiki gozo bat jo ostean, ipuin bat -ipuin musikal bat- irakurtzeari ekin zion.
Irakurleak aurrera egin ahala, biolontxeloaren nota bikoteek laguntzen zituzten Ekaitzek zehaztasun osoz hautaturiko hitzak, do-reak eraikiz, la-miak aipatuz, fa-rea sorraraziz… Entzuleok haurtxo baten istorioan murgilduz, ia ordubete iraungo zuen trantze literarioan sartu gintuen bertsolariak.
Han, lurrean manta artean etzanda, Ekaitzen ikasleek idatzitako lanez gozatu genuen, idazleen beraien eskutik eta ikasleek beraiek jotako musikaz lagunduta. Eta horrela, txirula-txelo duoen eta soloen eta frantses-zaporeko akordeoi baten soinuak hordituta, ikasleen ipuinetan murgildu ginen.
Hainbat gai izan zituzten hizpide, zein baino zein entretenigarriagoak, eta printzesa, maitale eta “edukitzeak†duen garrantziari eginiko kritika zuhurren artean aise igaro zitzaigun ordua.
Ekaitz izan zen saioari amaiera eman ziona, hain fruitu gozoa eskaini zigun hezkuntza kreatiboa aipatuz. Maitek amaieran aipatu zuen legez, teknologia berrien bitartez kreatibitatea lantzen saiatzen gara gu ere euskaljakintzan, eta honelako emanaldi eder bat prestatzeak ekarriko zizkien lan eta buruhausteez jakitun, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Ekaitzi eta bere Burlatako Askatasuna BHIko ikasleei.
Musika eta literatura uztartzeaz gain, euskal literaturgintza eta deklamazioa guk geuk egin dezakegun zerbait dela irakatsi digute, arlo hauetan gazteek ere badugula zeresanik.
Mila mila esker egindako lan guztiagatik eta Ordiziaraino etorri izanagatik, benetan! Ea hurrengoan guk prestatzen dugun emanaldia zuentzat!
Iruzkin berriak