Archive | euskara

RSS feed for this section

Busti gaitezen denok! (Euskaljakintza 7kook iritsi gara)

Herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz. Hitz hauexekin itxi zuen duela bi urte eskas Maialen Lujanbiok ziurrenik bere bertsorik famatuena bilakatu dena. Eta hitz horiexekin zabaldu nahi dugu Euskaljakintzaren garai berria, hastear dagoena. Idazlumak alde batera utzi ditugu, eta euskara bera izanen dugu tresna bakarra. Gure hizkuntzarekin olgetan ibili nahi dugu, zipriztindu gaitzan utzi gura diogu, eta, batez ere, zipriztin hauek amaraunean zehar zabaldu nahi ditugu, guztiok euskaraz blai buka dezagun.

Horrela, estreinakoz eskerrak eman nahi genizkieke lekukoa pasa berri diguten gure kideei, irrikaz hartu baitugu hauxe, irrika biziz hartu ere. Eskerrak, baita ere, urte hauetan guztietan Euskaljakintzaren esentzia mantentzen jakin duzuenoi; eta, nola ez, gidari den Maiteri, berak eman baitigu itsaso zabal honetara buruz, birritan pentsatu gabe, botatzeko grina.

Ikasturtez ikasturte, gero eta maila handiagoetara iristen joan ahala, pixkanaka, Euskaljakintzaren berri izaten joan gara. Familia edo lagunen bitartez izan genuen lehen kontaktua Euskaljakintzarekin, eta orain gezurra dirudi guri ere parte hartzeko garaia iritsi zaigunik. 7 urte dira Maitek proiektu hau martxan jarri zuela; pentsa, 10 urte besterik ez genituen euskara bultzatzen duen txoko hau sortu zenetik!

Hazi gara, ordea, eta guneak bere fruituak ematen dihardu. Gu berriak gara, baina lekukoari gogoz heltzeko irrikaz iritsi gara.  Eta hau hasiera baino ez da…

Ikasturte honetan zehar Euskaljakintza 7kook eginen gara lemazain. Eta dagoeneko hor dauden elkarrizketa, artikulu eta beste horrenbesteren mailako lanak egitea espero dugu, eta, zergatik ez, hauek gainditzea! Zuek guztiok ere gonbidaturik zaudete parte hartzera. Euskaraz blai egitera. Euskaratik eta euskaraz. Busti gaitezen denok!

Comments { 1 }

10 aholku IKTak gelan txertatzeko

10 consejos para el uso de las TIC en clase infografia interesgarria ezagutu nuen aurrekoan, Twitterren, @alfredovela erabiltzailearen bitartez. Aholkuak zentzuzkoak eta jarraitzeko modukoak iruditu zitzaizkidan eta, beraz, infografia euskaratzeari ekin nion. Informazio eta Komunikazio Teknologiak ikasgelan txertatu nahi duen edozein irakasleri -edo irakasle izan nahi duenari-ondo etorriko zaizkiolakoan, hementxe uzten dut euskaratuta Sergi Martín Cabezak atondutako infografia.

Itzulpenean akatsen bat antzeman edota euskaraz egokiago esan daitekeela iruditzen bazaizue, ongi etorriak izango dira, beti bezala, zuen aholku eta iradokizunak.

Comments { 1 }

Orain bai: EGA 07-08 azterketak sarean

Egin du, ba, euria gogotik duela bi urte pasatxo Administrazioko zorioneko (edo zoritxarreko) mezu hura jaso nuenetik, EGAko 07-08 azterketa digitalizatuak saretik erretira nitzan eskatuz. Bada, ibilbideak ibilbide, hementxe ditugu denon eskura azterketa horiek. Zalantzarik gabe, etekin handia aterako genion batek baino gehiagok ezkutuan egon den denbora honetan publiko izan bagenu; gauzak, baina, diren bezalakoak dira, eta dauden tokian daude, eta gaur honela eta hemen daude eta gaude.

EGA: 2003 eta 2004ko azterketak eta EGA: 2007-2008 azterketak liburuen materialak euskaljakintza.com web guneko Maite Goñi andrearen eskura jartzea dago, EGA azterketa horiek digitalizatzeko eta argitaratzeko.
Honenbestez, idazki honen bitartez, horretarako baimena ematen zaio Maite Goñi andreari.

Guztiarekin ere, gogoan izatekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasunpeko EGA azterketa-materialen iturria [izenburua, argitaratzailea eta urtea] espresuki aipatuko dela, horrelakoetan ohi bezala, eta material hauen erreprodukzioa egitean materialak ezin alda daitezkeela, jatorrizko bertsiotik gutxi-asko aldenduz.

Esker mila baimena emateagatik. Hemendik aurrera hementxe eta euskaljakintzako EGA txokoan geratzen dira.

ega07-08_azala

EGAko azterketen titulartasuna Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailekoa da.

EGA: 2007ko eta 2008ko azterketak.

Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Vitoria- Gasteiz, 2008.

Atarikoak

Idatzizkoak

2007-03-10

2007-03-17

2007-05-26

2007-10-06

2008-03-08

2008-03-15

2008-10-04

Comments { 0 }
-->