Tag Archives | lexikoa

EGA: LEXIKOA lantzeko ariketak

Euskaljakintzakook, gure hiztegia aberastu nahian, azken egun hauetan lexikoa lantzeko ariketak sortzen ibili gara. Dakizuen bezala, azken urteetan berrikuntza ugari egon da EGA azterketan. Puntuazio sistema osoa aldatzeaz gain, hainbat ataletan -lexikoan, irakurriaren ulermenean eta ahozko proban- ere aldaketak txertatu dituzte. Lehen, Sinonimoak deituriko atalean, 10 esaldi ematen ziren eta esaldi horietako bakoitzean azpimarratutako hitzaren sinonimoa eman behar zen; orain, aldiz,  testu labur batean txertaturik, markatutako hitzen baliokide egokiak aukeratu behar dira. Hitz horietako bakoitzak dagoen testuinguruan duen esanahia kontuan harturik aukeratu behar da baliokidea. Probari Lexikoa izena eman diote. Bada, eredu berria jarraiki, gutako bakoitzak horietako jarduera bat sortu dugu.

Has gaitezen, baina, hasieratik. Ikasturteari ekiten diogunean, ikasle bakoitzak XX. mendeko euskal autore baten irakurgai bat hautatzen du.  Jarraian, autore eta liburuari buruzko informazioarekin, deigarriena iruditu zaionarekin eta iritzi kritikoarekin euskaljakintzako Irakurlearen txokoa atalean argitaratzeko artikulu bat idazten du (ikus gure Irakurlearen txokoaren gunea informazio gehiagorako). Bada, irakurritako liburu horiek baliatu ditugu lexikoa lantzeko jarduera hauek sortzeko. Ziur gaude gure Batxilergo 1eko ikasleei oso ondo etorriko zaizkiela EGA azterketaren Proba Idatziaren atal hori prestatzeko, eta, bide batez, hementxe uzten dizkizuegu zuei ere zuen hiztegia aberastu, euskal autoreen obrak ezagutu edo EGA prestatzeko.

Hemendik aurrera, ariketa hauek eskuragarri egongo dira euskaljakintza EGAn (sinonimoak/lexikoa atalean) eta euskaljakintzako eskuineko zutabean (ariketak atalean). Egin klik irudien gainean lanean hasteko:

LEXIKOA LANTZEKO ARIKETAK
Comments { 4 }

Atal berria euskaljakintzan: Gaurko Hitza

Pixkanaka-pixkanaka hiztegia aberastu nahi duzu? Bada, aste honetan Gaurko HItza delako atal berria estreinatu dugu euskaljakintzan. Gure asmoa egunero hitz berri bat azaltzea da, ahalegin berezirik egin  gabe, euskararen oinarrizko hiztegiaz haratago joan gaitezen.

Non topatuko dugu hitz berria?

Euskaljakintzako albo-barran, goialdean, egunero hitz berri bat ipiniko dugu. Bertan klik eginez, sortu dugun blog berrira joango gara. Eguneko hitza hiru ikuspuntu ezberdinetatik ikusi ahal izango dugu:

Nola kontsultatu ateratako hitzak?

Hitz bakoitza hasierako letraz gordeko dugu; beraz, kontsulta egiteko garaian, etiketak letrak izango dira. Gauzak horrela, A letra klikatuz, esaterako, ordura arte hizki horrekin hasitako hitz guztiak ikusi ahal izango ditugu.

Ariketak

Hamabostean behin, gainera, ariketa bat ipiniko dugu azken tarte horretan ateratako hitzak hobeto finkatzeko, eta, noizbehinka, errepaso orokorra ahalbidetuko digutenak ere sartuko ditugu.

Hiztegi kaskarra duzu? Ez galdu, bada, gurekin ikasteko aukera…  🙂

Comments { 6 }
-->